Historia
Historia
Udaletxeak eskatutako Olaberriko Historia eta Ondarearen ikerketa, olaberritarren laguntzarekin eginiko proiektuaren hasiera besterik ez da.
Azken fase honetan herrialdean jasotako datuek hasierako aurreikuspen guztiak gainditu dituzte, bikaintzat jo dezakegularik aurkitutako ondarea.
Herriko baserri-arkitekturaren azterketa egin ondoren, baserrien kalitate handia nabarmentzen da. Tamaina handikoak dira gehienak eta askotan bi etxebizitzetan banatuta. Bi isurialdeko teilatuak izaten dituzte nahiz eta batzuetan laukoak izan. Hormak kasu gehienetan zurituak daude goialdeko egiturak estaltzen dituztelarik.
Elementu guztien artean nabarmentzen dira adibidez Bengoetxea Txiki baserria, egurrezko arkupea duen bakarra; Otxoategi baserria, armarriduna; eta Sagastilluna baserria, harrizko egitura sendoarekin.
Harrigarria bada ere, baserrien barrualdea ez da hain homogeneoa izaten eta nahiz eta gaur egungo egoera larria izan, historiaren atal bat mantentzen dute.
Asko dira egurrezko egitura originala mantentzen dutenek, ganbaran batik bat, eta kanpotik antzematen ez direnak. Horrela, zaharrenak zutabe osoak dituztenak dira, goitik beherakoak, batzuk dolarea dutelarik.
Garai berriagoetan, harri gainean egindako eraikuntzek egurrezko egitura xumeagoa izatea egin arazi dute eta bata bestearen gainean jartzen diren zutabeak izatera pasa dira. Baserri askoren eredua da hau, baino nahiz eta berriagoak izan ez dute garrantzi gutxiago.
XX. mendearen erdialdean Ihurreko inguruetan ezartzen dira lehenengo industriak, gasolindegiaren kasu, eraikuntza berezia dena errepide nagusiaren ondoan. Jarraian, Aristrain siderurgiaren industria, Ihurreko burdinolak 1469tik XIX. Mende erdialderarte burdingintzan izandako ekoizpena gogorarazten duena. Enpresa berriak, lehen burdinola Ihurre baserriari lotuta zegoen bezala, 60. hamarkadan langile auzo bat eraikitzen du. Gaur egun garai hartako industrial-hirigintzaren adibide dena.
Hauek eta beste alde batzuk hurrengo argitalpen batean azalduko dira, udalerri bezala Olaberriko burujabetasunaren II. mendeurrena dela bide.
OLABERRIA - 200 URTE
Gure herriko historiak dioenez, 1804 ko urriaren 15ean Olaberri behin - betirako Lazkaotik banandu zen.
OLABERRIAREN HISTORIA HASTAPENETATIK 1804RA ARTE
Lan honek berezko nortasun bat sortzeko Olaberriako komunitateak bizi zuen prozesu historikoa ezagutaraztea du xede. 1804an, Gaztelako Errege Kontseiluan lortutako Errege Ahalmenari esker, independentzia eskuratu zuen azkenean, alkate eta justizia propioak erdietsiz. Hala ere, bertako nortasunaren osaketa Historiaren indarren mende dago. Bai urrutiko Erdi Aroko garaietan eta garai Modernoetan -non idatzitako testigantzek Olaberriaren ezagutzan argi pixka bat ematen hasi ziren- bai gaur egun, euren nortasuna sortzen doazen komunitateek euren patuaren jaun eta jabe izateko, hau da, kanpoko interferentziarik gabe euren komunitatea antolatzeko eta administratzeko saiakerekin talka egiten zuten arazoei, indarrei eta egoerei aurre egin behar izan diete.